XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Etzekinat batere, baina, parako niken lepoa iuineko denak holaxe ibiltzen zaretela, jendeak zer esanen duenari begira, zeren gorputzak eta gogoak eskatzen dizuena egiteko lotsaz eta bildurrez.

Aze liberatzea, zuena!

Lehenago baino mila aldiz lotuago bai, kargu publikotan egoteagatik!

Jakina, nola ba hautsi, irudi publikoak eta zorioneko etikak edo ohoreak edo dena delakoak eskatzen dituen arauak!

Nola ba xikindu, demokraxia antzuaren umatoki barrenutsa!

Igoalekoan bizi ditun betiko emakume klasika horiek, igolekoan bizi direnez, berek nahi dutena eginez, eta senarra deskuidatzen den aldiro, beren haragi grinak besteren batekin ttaka! disimulo ederrean asez.

Xamurtasunari edo goxotasunari buruz esaten dunan horrekin ere ez negon batere konforme.

Xamurtasuna eta goxotasuna noiz eta nola erabili behar diren jakiteko, sikologi guziak baino hobea dun animalietan erreparatzea.

Konparazio batera, guretzako hain emaberak diren katuen artean bertan ze xamurtasun ikusten dun hik?

Ba ote da animalirik katua baino erretxinago denik?

Ardi umaberri batek nolako maitetasuna erakusten dio bere bildots jaio berriari?

Bi behor noiz hasten dira elkarri lepagaina hazkatzen?

Hor zegon ba koxka!

Hor badun noski, berezko samurtasuna, senaz datorrena, baina, hori ez dun inola ere guk erabiltzen dugun xamurkeria xikina.

Gure xamurkeri modua, ehunetatik larogeitan, aurretik eta ondotik tristura eta ahulleria dakarren bottika xikina baizik ez dun Maria.

Konparazio batera: urrutiko senideak direla, famili giroa dela, erregaloak edo zorionak ematea dela, edo hau dela edo beste dela, Eguberri garaian baino xamurkeria, anaikeria eta barrentxurikeria gehiago erabiltzen den garairik ez dun izanen (...).